lupa
esp eus eng fr

Proposamenak

Fundazioaren helburua da Gatz Haraneko Paisaia Kulturalaren iraunkortasun-prozesuarekin jarraitzea eta berriz erdiestea igarotako mendeetan oro har mantendutako egoera ona, horretarako toki- eta eskualde-mailako iraunkortasun- eta garapen-irizpideak baliatuta. XXI. mendearen hasieran gauzaturiko Plan Zuzentzailea gatzagen balioespenaren hastapena besterik ez zen izan, haren funtzioa, finean, mantentze-lanen murrizketak eragiten zituen arazoak diagnostikatzea baitzen, hala nola Paisaia Kulturalarentzat eta ingurunearentzat etorkizuna bermatzeko modurik egokiena proposatzea.

Planaren idazketak iraun zuen hiru urteetan (2000-2003), frogatuta geratu zen Gatz Haranak aurrera jarraitzeko modurik onena bertako jarduera handitzea dela, eta berau etorkizunean ere mantentzea ahalbidetuko duten proposamen berritzaileekin osatzea. Hori dela-eta, gure ustez, garrantzi bera dute mantentze-lanek zein kudeaketaren eta haranaren erabileraren plangintzak.

Planteaturiko etorkizuneko proposamenak ez dira mugatzen gatza ekoizteko funtzionalitatera, eta, ondorioz, iraunkorrak eta elkarren artean bateragarriak diren jarduketa-esparru berriak antolatu dira. Laburbilduta, ondokoak dira Kudeaketa Planeko proposamen nagusiak:

 

1.- ORGANO KUDEATZAILEA

Gatz Haranaren leheneratze iraunkorrak, gatz-ekoizpenak, bisita gidatuek eta etorkizunean Gatz Haranean garatuko diren jarduera guztiek eragile guztien ahalegin eta interesak bateratuko zituen antolaketa-esparru bat behar zuten. Plan Zuzentzailean (2000-2003) proposamena egin zen  kudeaketa-eredu iraunkorra garatuko zuen irabazi asmorik gabeko erakunde bat sortzeko. Berau 2009ko apirilean jaio zen “Añanako Gatz Harana Fundazioa” izenarekin, eta Arabako Foru Aldundia, gatz-egileak (Gatzagak), Eusko Jaurlaritza eta Gesaltza-Añanako Udala ditu patrono. 

 

2.- GATZA EKOIZTEKO PROPOSAMENA

Proiektuaren eragile ekonomiko izateko proposaturiko jarduera nagusietako bat kalitate handiko gatzaren ekoizpena da. Gatz Haranaren ezaugarriak direla-eta, gatz-jarduera berriaren ikuspegia kalitate bikaineko gatza, Añanako Gatza, ekoiztera dago bideratuta, merkatuan munduko gatzaga onenetan egiten den gatzarekin lehia dadin.

Paisaia Kulturalaren ikuspuntu ekonomiko eta etorkizunekotik, oso garrantzitsua da gatz-jardueraren sustapena. Hala, Añanako Gatz Harana Fundazioa ekoizpenaz ez ezik, gatzaren kalitatea nazioartean islatuko duen marka-irudia sortzeaz ere arduratzen da. Horretarako, munduko sukaldari onenetako batzuen laguntza eskuzabala jasotzen du, Gatz Haraneko artisau-gatzaren kalitatea beren jatetxeetan erabiliz eta haien irudi publikoa proiektuari eskainiz bermatzen dutenak.

Añanako Gatza merezi duen mailan jarrita, gatz-jarduera etorkizuna duela erakusten ari da. Etorkizun iraunkorra, milaka urtetan garaturiko gatz-egileen “jakinduria praktikoan” oinarrituta, sozialki eta ekonomikoki suspertuko dituena herria zein eskualdea. Gatz-jardueraren bideragarritasunak, bestetik, Gatz Haranaren benetakotasun- eta osotasun-balioei eusteko ahalmena bermatzen du.

Aro berriak ikuspegi berria ere badakar. Gatza gatz-lorearekin nahasi beharrean, gatz-egileek mendeetan egin bezala, Fundazioak produktu biak bereiztea erabaki du. Beraz, bi gatz-mota sortzen dira: gatz minerala eta gatz-lorea. Gatza ekoizteko modua Añanako gatz-egileek mendeetan buruturiko berbera da, baina aipatu aldearekin, hau da, gatz-lorea gesalaren gainaldetik hondora erori eta gatz mineralarekin nahastu aurretik kentzen da.

Larrainen iragazgaiztean dauden eraikuntzazko akatsen ondorioz, zurezko egituretan ur gazia sartzen da, pixkanaka, eta tantaka-tantaka txuzoak deritzen gatzezko estalaktitak eratzen dira. Hori da Gatz Haranean ekoizten den hirugarren gatz-mota. Adituek eginiko dastaketa-azterketen arabera, kalitate oneneko gatza da.

2011ko udan, gatz likidoaren merkaturatzea hasi zen, hau da, ontziratze-putzuetan eguzkitan egon ostean litroko 280 gramoko gatz-metaketa erdiesten duen iturburuetako gesalarena.

Añanako Gatz Harana Fundazioak oinarri-oinarrizkoa eta, aldi berean, gizakiontzat hain funtsezkoa den produktu hau berritzen jarraitzen du. Horren adibide Premium Bilduma, gatz minerala espezieekin, oliba-puskekin edo ardoarekin uztartzen dituena, edo Añana Spa&Wellness, ezpurutasun txikien garbiketa-prozesu ostean gizakion kontsumora bideratzen ez den gatza bainurako gatz bihurtzen duena.

 

3.- PROPOSAMEN ARKITEKTONIKOA

Gatzagen etorkizuna bermatzeko, Añanako Gatz Haranean nahitaez leheneratu behar dira iraunkortasuna eta oreka arkitektonikoa eta produktiboa. Era berean, gatz-ustiategiarekin funtzional eta historikoki loturiko hainbat eraikin birgaitzea erabaki da, gatzaren ekoizpenarekin, ontziratzearekin eta haranean garatzen diren aisialdi- eta hezkuntza-ekimenekin erlazionaturiko jardueren zentro gisa erabil daitezen.

Haranari eusteko, ezinbestekoa da bide-sarearen eta gesala banatzeko ubideen egokitzapenarekin segitzea. Hala, gatza edozein eremutan ekoitz daiteke, baita planteaturiko jarduerak gauzatu ere.

Gatz Haranaren ezaugarri bereziak direla-eta, hainbat modu planteatu dira berriz izan dadin iraunkorra. Begi-bistakoa da ez duela inolako zentzurik handizkako gatz-fabrika soila izan dadin leheneratzea, merkatuan gatzaga industrialekin lehiatzea bideraezina den heinean.

Balioespenak beste interes batzuk bildu behar ditu, turismo, aisialdi eta kulturarekin loturiko jarduerak, kasu, Añanaren leheneratze-prozesuan eragileak izan daitezen eta, aldi berean, proiektuaren baterako finantzaketari lagun diezaioten. Horrenbestez, proiektuaren xedeak kalitate oneko gatzaren ekoizpenera ere bideratzen dira, hala nola jarduera historiko-didaktikoen sorkuntzara, ikuskizunetara, bisita turistiko eta hezigarrietara...

Ondorioz, Fundazioaren helburua da Gatz Haraneko Paisaia Kulturalaren iraunkortasun-prozesuarekin jarraitzea eta berriz erdiestea igarotako mendeetan mantendutako egoera ona -ezin hobea-. Hori lortzeko tresnak dira, batetik, milaka urtetan gatz-egileek garaturiko jakinduria praktikoa, eta, bestetik, XX. mendean eraikuntzako teknika berriak sartzearekin batera galdutako iraunkortasuna leheneratzea, teknikok haraneko oreka ekologiko eta iraunkor hauskorra aldatu zuten heinean.

Proiektu osoan ikusi bezala, Gatz Haranak berak ezartzen du ustiapenerako larrain-kopurua. Beraz, Kudeaketa Plana malgua da aspektu horretan, haranak historian izandako egokitzapen-, berrikuntza- eta aldaketa-prozesu etengabeak aldaketak egitea ahalbidetuko baitio, kopuru hori behar eta aukeren arabera handitzeko edo murrizteko, beti ere gatzagetako filosofiari eta, bereziki, ondasunaren benetakotasuna eta osotasuna bermatuko duten iraunkortasun-irizpideei eutsiz gero.

 

4.- JENDARTEARI IREKITAKO PROIEKTUA

Planaren hastapenetatik jakitun izan ginen asmo handiko proiektu honek jendarteari irekita egon behar zuela. Gatzagak turismo- eta hezkuntza-intereseko gune bihurtzeak aurretiko egokitzapena behar du.

Lehenbiziko jarduerak gatzagetako antzinako bideen egoera leheneratzera bideratu ziren, bisitariek aukera izan zezaten burutzen ari ziren lanak handik ikusteko.

Jarduerarekin historikoki loturiko hainbat eraikin ere birgaitu dira -antzinako gatz-biltegiak, esaterako-, Bisitarien Zentroa izan daitezen atontzeko, alegia, produktuak erakusteko eta saltzeko lekua, edo gatzaren ekoizpen-zikloarekin, diapiroarekin eta abarrekin loturiko jarduera didaktiko-hezigarriak garatzeko.

 

5.- PROIEKTUAREN NAZIOARTEKOTZEA

Añanako Gatz Harana munduan parekorik gabeko Paisaia Kulturala dela aintzat hartuta, balioetsi egin behar da, ez bakarrik gure inguruneko jendartearentzat, baizik eta gizateria osoarentzat. Nazioartekotze-plan estrategiko bat diseinatu dugu; horren baitan, adibidez, badaude UNESCOren Munduko Ondareen Zerrendan Izena Ematea edo babes europarra INTERREG IIIb “Arku Atlantikoko Artisau Gatzagak” deritzon programaren baitan.

Proiektu horrekin, informazioa eta esperientziak partekatzeko nazioarteko sare bat finkatu nahi da. Hala, garapen sozioekonomikoa sustatzen da, zonaldeari loturiko turismoan, aisialdian, produktuen eskaintzan eta zerbitzuetan oinarritua.

 

6.- INGURUMEN-PROPOSAMENA

Kudeaketa Planetik planteatzen diren jarduera guztien garapenerako kontuan hartzen ari dira harana Nazioarteko Garrantzizko Hezeguneen Ramsar Zerrendan jasota egoteak dakartzan baldintza eta balio erantsia.

Era berean, Plana babes-irudi horrek berekin ekar ditzakeen ahalmenak aztertzen ari da, eta, aldi berean, ahalegina egiten du modu koordinatuan batzeko Gatz Haraneko Paisaia Kulturalaren iraunkortasunaren leheneratzea kokatzeko baliatu nahi diren gainerako balizko ikuspegietatik eratorritakoei. Haranean, aparteko baldintzak sortzen dira era didaktikoan erakusteko habitat osoak jasandako antropizazio-prozesua ez dela kaltegarria, eta haren azterketa eta ulermenetik berau koherentziaz kontserbatzeko jarraibideak atera daitezkeela.

 

7.- PROPOSAMEN HISTORIKO ETA ARKEOLOGIKOA

Paisaia Kulturalak gure iragana ezagutzeko gune garrantzitsua dela erakutsi du, eta egindako ikerketak ugariak izan badira ere, ahalmen handia du oraindik azaleratzeko. Kontuan hartuta Kudeaketa Planeko proposamenak gauzatzeko prozesuan mantentze-lanak egingo direla, gatzagen arkitekturan nahiz lurpean, esku hartzeko hainbat protokolo-maila ezarri dira eremu eta elementu bakoitzaren balio historiko eta eraikuntzazkoari erreparatuta. Hala, jardueraren balioespen-prozesuari beraren erakargarritasuna nabarmen areagotzen duten aktibo kulturalak gehitzen zaizkio, biztanleriak aktiboki ikusten eta parte hartzen baitu bai ezagutza eragiteko orduan, bai berau sozializatzerakoan.

Gatzagen memoria historiko eta eraikuntzakoari eusteko helburuz, eta bisitariei haien bilakaera erakusteko, gatz-ustiategiko zenbait eremu konpontzen ari dira azterketa arkeologikoa egin bitartean dokumentatu ahal izan ditugun gatza ekoizteko modu desberdinen berariazko eraikuntza-tekniken bidez.

 

8.- PROPOSAMEN FUNTZIONALA ETA BESTELAKO ERABILERAK

Egungo jendarteak oso esparru ezberdinetan -turismoa, kultura, aisialdia edo gastronomia- dituen beharren aniztasuna da Gatz Harana gatza ekoizteko lantegia baino zerbait gehiago bihurtzera bultzatzen duten faktoreetako bat. Hala, Kudeaketa Planetik hainbat jarduera proposatzen ditugu behar horiei guztiei erantzuna eman ahal izateko, eta, aldi berean, helburu komun batetik antolatuta, elkar susta dezaten.

Plan Zuzentzailea gauzatu bitartean eginiko lanek argi erakutsi zuten Gatz Harana sustatzea lortzeko modurik onena bertako jarduera berreskuratzea dela, eta berau proposamen berritzaileekin osatzea. Fundazioa zeharo ziur dago Gatz Haranak esperientzia anitzeko izaera duela, lehen-mailako ezaugarri kultural, natural, gastronomiko eta ondarezkoekin. Horregatik, hastapenetatik saiatu da mota desberdinetako jarduketa eta azpiegiturak garatzen, gatzagak eskari berrietara egokitzeko eta azken erabiltzaileari Gatz Haraneko Paisaia Kulturalari eta inguruneari etorkizuna bermatzea ahalbidetuko dieten esperientzia integral, paregabe eta ahaztezinak emateko xede estrategikoarekin.

Horren adibide dira Gatz Haraneko esparruan egiten diren ikuskizun artistikoak. Horretarako, zurezko harmailak daude larrainen gainean, erabat alderantzikagarriak, parean zabalgune txiki bat dutela emanaldi txikiak egin ahal izateko. Aukera egon ere badago Gatz Haran osoa bihurtzeko aire zabaleko agertoki. Horixe bera gertatzen da uztaileko bigarren asteburuan ospatu ohi den argi eta soinuzko ikuskizunean, Gesaltza-Añanako bizilagun ugariren parte-hartzea izaten duena.

 

9.- OSASUN-TURISMOAREKIN LOTURIKO JARDUKETA-PROPOSAMENAK

Antzinatetik daude frogatuta ur gazia modu kontrolatuan baliatzeak gizakion osasunari dakarzkion onurak. Gesaltza-Añanako gatz-egileak horren jakitun ziren, putzuetan bainatu ohi ziren heinean. Bertako komunitatearekin garaturiko elkarlanari esker, esparru horretan hainbat jarduketa-proposamen txertatzeko beharra sortu zen Kudeaketa Planean. Gatz Haranean lehengai ezin hobea daukagu, gesala, hain zuzen ere, zuzenean jariatzen dena iturburuetatik gazitasun-maila handiarekin, eta, era berean, baditugu gatzagen balio unibertsala hondatu barik proposamen horiek har ditzaketen gatzaga-guneak.

Jarduketa-ildoak ez daude soilik erabilera- eta gozamen-guneen garapenerantz bideratuta, Gatz Sparen gisara, eskuak eta oinak sartzeko putzuekin eta flotarium batekin, eta gatzarekin eta gesalarekin loturiko edertasun-tratamendu eta produktu kosmetikoetara ere zuzentzen dira.

Cookieak darabiltzagu webgunearen erabileraren gaineko estatistiketarako. Nabigatzen jarraitzen baduzu, onartu egiten dituzula ulertuko dugu.
EZ DITUT ONARTZEN - ONARTZEN DITUT COOKIEAK