Gatz-ustiaketaren hastapenak
Gaur egungo ikuspegitik, ulergaitza da gatzak, hain ugaria eta merkea den elementu horrek, historian eman izan zaion besteko garrantzia izatea. Hala ere, kontuan hartu behar da gatza ezinbestekoa zela, eta dela, bai hainbat industria-prozesutan, bai gizakien eta animalien elikaduran; are gehiago artean hotz industrialik ez zenean, gatza erabiltzea baitzen elikagaiak kontserbatzeko metodorik eraginkorrenetakoa. Izan ere, hamaika gerra eta bake, heriotza eta goratze, oparotasun eta eskasia, herri nahiz hiriren sorkuntza eta suntsiketa eragin du gatzak, eta nola ez, gutizia; alabaina, baita poztasuna ere. Esaten ari garena frogatzeko, Añanako historiaren errepaso labur bat egitea besterik ez dugu…
Ur gaziko iturburuen inguruan aurkitu diren giza-arrastorik zaharrenak duela 5.000 urte ingurukoak dira. Ordutik, bertako biztanleak garaian garaiko interesetara eta berezitasunetara egokituz joan dira. Burdin Aroan, mendi-hegalen behekaldea utzi eta etxebizitzak goiko guneetan, erraz defenda zitezkeen lekuetan, egin zituzten. Erromatar Inperioaren garaian, populatze-sistemak aldaketa handia izan zuen. Añanako gatzak zuen garrantzia medio aski seguru, ustiategitik kilometro gutxira, egun Espejo herria dagoen lekuan, hiri bat sortu zen, Ptolomeo geografo ezagunak Salionca izenez jaso zuena. Hiriaren garapen ekonomikoak inguruko biztanleak erakarri zituen; jende asko, herribildu zaharretako ohiko bizilekuak utzi, eta hiri oparo hartara joan zen bizitzera.
V. mende aldera, sute handi batek Salionca suntsitu zuen. Ez dakigu gertaera horrek zerikusirik ote duen lurraldea erraustu zuten barbaroen inbasioekin; arkeologoek, ordea, dokumentatu ahal izan dute hiria hustu egin zela, eta biztanle asko gatz haranera joan zirela bizitzera eta lan egitera.
Añanako Gatz Harana Fundazioa - Fundación Valle Salado de Añana - 01426 - Gesaltza-Añana / Salinas de Añana - Araba / Álava - 945 35 11 11 - info@vallesalado.com
Realizada por www.lafactoriagrafica.com