Sarrera
Zer du, ordea, Añanako gatz haranak, berreskuratze integrala egin behar izateko? Erantzuna aski sinplea da, eta ez dugu oinarririk gabeko topiko zaharrekin argudiatu beharrik, hala nola Europako ustiategirik handiena dela, edota zaharrena eta produktiboena. Gatzagak beste hainbat ezaugarrirengatik du garrantzia: bere arkitektura miresgarria, interes historiko eta arkeologikoa, paisaiak eta ingurumenak duten balioa, bere geologia eta biotopo berezia… eta horien guztien batura eta testuinguru pribilegiatu batekin uztartzeko duen modua.
Gainera, ez da ahantzi behar Añana hiribildua gatz-fabrika baino askoz gehiago dela, Gobiaranera sartzeko ate naturala izateaz gain, ondare handia baitu, hala nola berreskuratze bidean den Erdi Aroko harresi bat; bikain kontserbatu diren errementeriak, sutegiak eta labeak; ate gotortuak; eliza bat, zenbait baseliza eta penintsulan oraindik ere aktibo jarraitzen duen Jerusaleneko San Juanen Ordena Militarreko azken komentua; estilo barrokoko jauregiak; eta halaber, herriaren ondoan, duela 22 milioi urteko animalia- eta landare-arrastoen aztarnategi garrantzitsu bat ere bai, ezin hobeki kontserbatua. Horregatik guztiagatik, Añana, ezbairik gabe, gure erkidegoko arkitektura-, paisaia- eta arkeologia-multzo garrantzitsuenetako bat da.
Plan Zuzentzailea aurrera ateratzeko lau urte behar izan ziren, eta hura gauzatu zuen diziplina anitzeko lantaldeak egindako lanek erakutsi dute gatz harana biziberritzeko modurik hoberena haren jarduera berreskuratzea dela, eta proposamen berritzaileekin osatzea, hala bermatuko baitzaio etorkizuna.
Zentzu horretan, hasieratik argi genuen harana soilik gatz-fabrika gisa berreskuratzea ez zela egingarria, alegia jarduera hura beste hainbat motatako ekimenekin batera egin behar zela, guztiak uztartuz, halako moldez, non gatzagako eta inguruko balioei (arkeologia, ingurumena, paisaia, geologia, eta abar) etekina aterako baitzizaien, eta hala, elkar eraberrituko baitzuten.
Añanako Gatz Harana Fundazioa - Fundación Valle Salado de Añana - 01426 - Gesaltza-Añana / Salinas de Añana - Araba / Álava - 945 35 11 11 - info@vallesalado.com
Realizada por www.lafactoriagrafica.com