Nola sortzen da
Añanako gatz minerala guztiz naturalak diren metodoen bidez lortzen da, belaunaldiz belaunaldi gatz-ekoizleak garatuz joan diren teknikak erabiliz. Lehenik eta behin, iturburuetatik berez sortzen den ur gazia edo gatzuna lurrunketa-plataformetaraino garraiatzen da, egurrezko kanalen bidez. Han, estalperik gabe uzten da, eguzkiaren eta haizearen eraginez ura lurrundu dadin eta gatz hutsa gera dadin.
Gatza egiteko garaia baldintza klimatologikoen araberakoa da. Oro har, maiatzean hasi eta urrian amaitzen da; hala ere, ekaina eta iraila bitartean izan ohi da jarduerarik handiena. Gatza egiteko prozesuan zenbait urrats daude. Hasteko, larrainak likidoz bete behar dira, bi eta lau zentimetro artean. Gatzuna mamitzen hasten denean, eragin egin behar zaio. Horrela, kristalizazioa modu uniformean egitea lortzen da eta produktua ez da larrainen azalean itsasten. Gatza kristalizatutakoan, baina ura guztiz lurrundu baino lehen, jaso egiten da. Hori egiteko, arrabolaren laguntzaz gatza larrainaren ingurutik erdialdera herrestatzen da, gatz-meta txiki bat sortuz. Hori egin eta gero, saski batzuetara botatzen da. Saskien zirrikituetatik gatzaren azken ur-tantak isurtzen dira, eta ondoren, biltegian gordetzen da. Granja bakoitzean gatz-ekoizle bakoitzak egiten duen prozesu horri “gatza sartzea” esaten zitzaion. Prozesu hartan, larrainen azpian dauden biltegi txiki batzuetan sartzen zen gatza, larrainen gainazaleko tarte txikietatik barrena.
Añanako Gatz Harana Fundazioa - Fundación Valle Salado de Añana - 01426 - Gesaltza-Añana / Salinas de Añana - Araba / Álava - 945 35 11 11 - info@vallesalado.com
Realizada por www.lafactoriagrafica.com