Añanako Gatz Haranean, gatza ekoizteko lanen hasiera naturako harri jangarri bakarra, gatza, eskuratzeko gizakiaren premia gero eta handiagorekin dago lotuta.
Azken urteotan, gatz-ustiategiaren barnealdean egiten ari garen lan arkeologikoek agerian jarri dute Gatz Harana Gizateriaren historiaren artxibategi paregabea dela. Zehazki, gatzagetako hegoaldearen zati handi bat aztarnategi ekologiko zabala da, azken sei milurtekoei buruzko datu esanguratsuak ematen ari zaizkiguna. Horien bidez, badugu aukera ezagutzeko noiz hasi zen iturburuen ustiapen sistematikoa, nola eskuratzen zen gatza eta nola bizi ziren gatz-egileak garai haietan.
Ikerketak, oraindik abian, jakinarazten ari zaizkigu gatz-ekoizpenaren hastapenak Añanako Gatz Haranean 7.000 bat urte atzera daudela. Historiaurrean, gatzagek oso itxura desberdina zuten, egungoarekin alderatuta. Horren arrazoia da ekoizpen-sistema bestelakoa zela. Ez zegoen oinarrituta iturburuetatik jariatzen den gesala agente atmosferikoen (eguzkia eta haizea) eraginpean jartzean, baizik eta -su-materialen bidezko lurruntze behartuan.
Historiaurreko gatz-fabrika hauek Europa mailan “briguetage” deritzon fenomenoarekin bat datoz. Erregistro arkeologikoan, hondakin-kumuluak dira; horietan, gatz-jardueraren hondakinak, batik bat errautsak, su-aztarnak dituzten zoruekin eta gatza kristalizatzeko baliatzen ziren ontzien hausturak sorturiko zati zeramikoekin nahasten dira.
Añanan, ekoizpen-sistema hori gauzatzen zen zeramikazko eltzeak, gesala barruan, su gainean jarrita, likidoa saturatzen zen arte. Ontzi horiek, molde gisa, gatz-nukleo trinkoak sortzen zituzten; horiek ateratzeko, buztinezko ontziak puskatu behar ziren.
Aro honetan, Gatz Haraneko gatz-faktoria eremuaren hasieran zegoen kokatuta, ur gaziaren iturrietatik ez oso urrun eta ibaiaren ibilgutik gertu. Hor lan egiten zuten gatz-egileak ez ziren bertan bizi, gorago eta hobeto defendatuta zegoen gune batera joaten ziren, La Islilla barrutian, herriaren iparraldean, aro honetako aztarnategi handi bat egoteak erakusten duen bezala.
Añanako Gatz Haraneko ezkila-formako zeramika