“Plater bati Añanako Gatz pittin bat eranstea egundoko plazera da. Herri baten memoriaren zati bat, hango naturaren puska solidotu bat eta artisau-jarduera bati loturiko haran baten biografiaren zati bat eransten dizkiozu”.
Andoni Luis Aduriz (Donostia, 1971), zalantza barik, gure garaiko chef eragingarrienetako bat da.
Sukaldari entzutetsuak beti egin du bilakaeraren eta diziplinartekotasunaren aldeko apustua sukaldaritzan, eta horrek ezarritakoaren mugez harago joatera eraman du, alegia, sukaldean menderakaitza izatera. Zentzumen guztiak hartuko dituen esperientzia baten bidez seduzitzea da haren helburua.
Adurizek Donostiako Ostalaritza Eskolan egin zituen lehenbiziko sukaldaritza-ikasketak. Han hasi zen bere burua zapore eta testuren bidez adierazten. Orduan hasi zen, halaber, Euskal Sukaldaritza Berriagatik eta lurreko produktuengatik sentitzen duen maitasuna lantzen.
1998an ekin zion bere apustu arriskatu eta asegarrienari: bakarka heldu zion Mugaritz proiektuari, 2006. urtetik bi Michelin izar dituenari. Mugaritz I+Dren sinonimo bilakatu da, eta jatetxe hitza erbesteratuta dago han. “Zerbait gehiago da”, Adurizek berak aitortzen duen bezala. Sukaldean buruturiko arau-urraketari esker, bere jatetxeak arrakasta asko eta asko izan ditu: 2006tik munduko lehen hamar jatetxeen barruan dago, Restaurant aldizkariaren arabera.
Adurizek eman zion amaiera 2011n Añanako Gatzaren Uztari. “Kulturaren, trazabilitatearen edo artisauen lanari ematen zaion balioaren moduko emozio edo faktore subjektiboak ukimenari, dastamenari eta usainari batu zaizkie. Errealitate gastronomiko berri honetan dago Añanako Gatza, kloruro sodikozko egitura soila izanda duela milaka urteko historia gordetzen duena beraren bihotz kristalinoan”, azaldu zuen.